Haurrentzako masajeak


1.      Zertarako balio du haurrentzako masajeak
Haurrentzako masajeak estimulatzeko oso modu egokia da. Haurrei egiten zaizkien masajei esker hainbat arlotan hobekuntza oso garrantzitsuak lortzen dira:
1.- Azalaren sentikortasuna suspertzen du.
Zentsumen-organoen artean azalaren sentikortasuna hazten den lehenengo funtzioa da eta garrantzitsuena. Laztanek oso eragin garrantzitsuak dituzte, nerbio sistema orekatzen dutelako eta gaixotasunen aurrean gorputza indartzen dutelako. Haurrekin egindako ikerketek diotenez, masajeak arnas-sistema, zirkulazioa, sistema-neurologikoa eta abarrekoak estimulatzen ditu.
2.- Haurra erlajatzen eta orekatzen laguntzen du.
Bizitzaren ondorioz eta harremanak izatearen ondorioz sor daitezkeen estresa, nekea, urduritasunak lasaitzen ditu. Haurrarentzako dena da berria eta interesgarria, baina hainbeste ikasteak tentsioan jartzen du haurra. Haur masajea ez da fisioterapia, erlajatzeko masajea baizik.
3.- Gurasoen eta seme-alaben arteko harremana indartzen du.
Gizakiak aldamenekoarekin loturak edukitzea behar du eta masajeek lotura hauek indartzen dituzte. Ukimena, begirada, bihotzaren taupadak dira haurrak amarengandik jasotzen dituen lehenengo seinaleak, jaiotzen denean. Hauek dira munduarekin loturak izateko eta indartzeko erabiliko dituen elementuak.
2.      Ze alderdi izan behar ditugu kontutan
Edozein masaje eman aurretik hainbat alderdi izan behar ditugu kontutan, batez ere haurraren adinaren arabera:
Tenperatura. Haurrak hiru hilabete baino gutxiago baditu masajea emango zaion gela epela egotea beharrezkoa izango da edota haurrari konpresa epel bat aplikatzea.
Posizioa. Amarentzako, edo masajea ematen duenarentzako, garrantzitsua da postura egoki bat hartzea bai ohean edo lurrean. Posizio egoki bat izango litzateke hankak gurutzatuta eta haurra magalean jarrita. Honetaz gainera, distantzia, mugimendua eta erritmoa egokiak izan behar dira.
Baliabide limurkorra. Beroa mantentzeko mostaza olioa; freskagarritasuna lortzeko koko olioa; eta xurgatze azkarrerako almendra olioa.
0-3 hilabete. Erreflexuekin arreta berezia izan behar da.
3-6 hilabete. Kontu handia jarri behar da lepo, buru eta aurpegiko tentsioarekin. Buelta hartzen badu utzi, ingurua ezagutzen ari da eta garai honetan normala da.
7-12 hilabete.  Masajea erronka bat da haurra asko mugitzen baita eta oso zaila egiten da posizio batetan mantentzea denbora luzez.
3.      Haur masajerako teknikak
Aplikatzen den presioa suabea eta motela izan behar da. Haurrarekin erabili beharreko presio maila zein den ondo jakiteko, begiak itxita ditugula betazalean masajea ematerako orduan erabiltzen dugun presioaren oso antzekoa izango da. Pausoka ikusiko dugu nola eman behar den masajea:
3.1. Oinak eta hankak.
Oinak eta hankak erlaxatuz hasiko da masajea. Oinetako eta hanketako masajea oso erlaxagarria da eta gustura jasotzen dute haurrek eskuen kontaktua. Oinetan egindako masajeak, erreflexuak suspertzeko balio du bereziki. Hanketakoa, berriz, giharrak sendotzeko.
Hanketan bi motatako mugimenduak egiten dira:
1) Hustuketa: oinetatik aldakara eta aldakatik oinetara irristatzea. Zirkulazioa hobetzeko balio du, oinetan eta hanketatik bihotzerantz.
2) Konprimitu eta biratu: mugimendu honek giharren tonua indartzen du eta hankak erlaxatzen ditu.
Oinak eta hankak erlaxatzeko teknika:
1) Hindu hustuketa: esku batekin orkatila heldu eta beste eskuarekin aldakatik txorkatilara irristatu. Lehenengo hankaren kanpoaldetik egingo dugu txirrista eta gero barnetik. Goitik behera, aldakatik orkatilara.
2) Konprimitu eta biratu: ipurditik orkatilara, bi eskuekin azala biratu, esku bat alde batera eta bestea bestera.
3) Oinazpitik txirristatu: behatz lodiek txirrista egiten dute oinazpian, behatzetarantz.
4) Behatzetan masaila: behatzak banan-banan masajea eman, biratzen.
5) Erreflexuak: behatz erakuslea oinazpian etzanda, bira egin, atzamarretarantz. Bi lekuetan egiten da: zubian eta behatzen ondo-ondoan.
6) Oinazpian ibili: Behatz lodiekin ibili, pausoz pauso atzamarretara heldu arte.
7) Oin-bularrean txirristak: Behatz lodiekin txirrista egin, atzamarretatik orkatilara.
8) Borobilak orkatiletan: Behatz lodiekin borobilak margotzen ditugu orkatilen inguruan.
9) Suediar hustuketa: Hindu hustuketa bezalakoa da baina aldakatik orkatilara egin ordez, alderantziz egingo dugu mugimendua. Hau da, orkatilatik aldakara.
10) Hanka astindu /Agur esan. Hanka osoa esku bien artean eutsi eta tentsioa ateratzeko astindu pixka bat. Gero hanka erlaxatu eta agur esan hankari.
11) Beste hankan egin masajea.
12) Bi eskuekin hanka biak ukitu eta ipurdia atzetik ukitu. Hankak gorputzarekin loturik daudela senti dezan.
3.2. Sabela
Gorputzeko atal hau nahiko sensiblea da, beraz, adi egon behar dugu masajea gustuko duen edo ez. Gustuko ez duela adierazten duenean masajea utziko dugu eta hurrengo baten saiatuko gara.
Mugimendua hauek sistema dijestiboa suspertzen dute. Aireak, puzkerrak kanporatzen laguntzen dute, eta kolikoak erlaxatzen dituzte baita idorreria ere. Sabeleko mugimenduak zilborretik beheraka egingo dira eta eskumatik ezkerrera, erlojuaren norabidea jarraituz.
Sabeleko masaje-teknika:
1) Noria (Gurpil hidraulikoa): Esku biak sabelean jarriko ditugu (bat eskumara begira, bestea ezkerrera). Mugitzen hasi gurpil batek egiten duen mugimendua eginez.
2) Noria hankak altxatuz: esku batekin hanka biak eutsi eta belaunak tolestuz, beste eskuarekin gurpilaren mugimendu egin. Zilborretik sexu organoetarantz.
3) Liburua zabaldu: behatz lodiak zilborraren behean jarriko ditugu, sabelaren erdian. Mugimendu bi behatzak sabelaren bi aldeetara, presio pixka bat eginez.
4) Eguzkia eta ilargia: ezkerreko eskuak zilborraren inguruan eguzki bat margotuko du (bi behatzetik), erlojuaren norabide jarraituz. Bi behatzak arratsaldeko seietan daudenean, eskuineko eskuak, hamaiketan hasita mugimendu zirkularra egingo du seiak arte, ilargia margotuz. Bi eskuek egiten dute mugimendu hau elkarrekin, gelditu gabe.
5) Maite zaitut: eskuineko eskuak haurraren sabelaren ezkerrean goitik behera I bat margotzen du; zilborraren goialdean alderantzizko L margotzen du; azkenik alderantziz dagoen U bat margotzen da. Zilborraren inguruan.
6) Behatzetik ibili: zilborraren inguruan, behatz guztiekin ibili, erlojuaren norabidea jarraituz.
*KOLIKOAK EDOTA AIREAK DAUDENEAN. MASAJE BEREZIA:
- Noria 6 aldiz.
- Bi belaunak eskuez eutsi, tolestu eta sabela aldera bultzatu, mantendu pixka bat. Minutu erdia.
- Presioa askatu hanka biak astintzen eta erlaxatzen.
- 6 aldiz Eguzkia eta ilargia.
- Bi belaunak eskuez eutsi, tolestu eta sabela aldera bultzatu, mantendu pixka bat. Minutu erdia.
- Presioa askatu hanka biak astintzen eta erlaxatzen.

3.3 Bularra eta besoak.
1) Liburua zabaldu. Bihotza. Esku biak haurraren bularrean jarri eta bi aldetara txirristatu. Bihotz bat margotu bularraren inguruan.
2) Tximeleta: Esternoian jarriko ditugu lau behatzak, bi esku bakoitzeko, eta hortik hasita Tximeletaren x margotuko dugu. Lehenengo bat, esternoitik hasita, bularretik txirristatuz sorbaldara heldu arte eta bizkarra ukituz. Bueltatu lekura eta beste eskuarekin gauza bera.
3) Besapeak: Eskuarekin besapetik aldakara orraztu.
4) Hindu hustuketa besoan: Hanka egindako mugimendua baina besoan. Esku bat eskumuturra eutsi eta besteak sorbaldatik eskumuturrera txirrista egiten du. Lehenengo kanpotik eta gero barrendik.
5) Eskua zabaldu: eskuan egiten diogu masaje pixka bat.
6) Behatzetan masaje. Banan-banan, behatzak biratu.
7) Eskugainean masajea: Behatz lodiekin eskugainean txirrista egiten dugu, behatzetatik eskumuturrera.
8) Eskumuturrean borobilak: Atzamar lodiekin eskumuturrean borobilak margotzen ditugu, erlojuaren norabidea jarraituz.
9) Suediar hustuketa: hankak egin dugun moduan, baina eskumuturretik sorbaldara.
10) Besoa astindu. Agur esan: besotik azkenengo tentsioa askatzen dugu, besoa astinduz eta agur esanez. Beste besoa hartu eta masaje osoa egin.
3.4 Aurpegia.
Aurpegiko masajea onuragarria da aurpegian tentsio asko sortzen delako, negarrak, hortzak… direla eta.
1) Bekokian liburua zabaldu: behatz lodiak bekokiaren erdian jarri eta bi aldetara txirrista egin, biok batera. Bekokia osorik masajeatu.
2) Betazalak: Bekainen azpitik bi behatz lodiekin txirristatu. Biak batera.
3) Sudurra- Masailak: Sudurretik eta begiak azpitik txirrista egin masailetara heldu arte. Beti behatz lodiekin.
4) Irribarrea ezpainetan: Bibote erdian bi behatzak jarri eta txirrista egin bibotea margotuz, irribarrea eragiten, goraka egin behar da mugimendua. Gauza bera baina ezpainaren azpian, beheko masailezurrean.
5) Masailezurrean borobilak, ahotik belarrietara: Ahotik hasita, borobilak margotu masailetan, belarrien inguruan eta berriro masailetan.
3.5 Bizkarra.
Bizkarrean egiten den masajea erlaxanteena da. Horregatik haurrek oso gustura jasotzen dute masaje hau. Buruz bera etzanda egongo da haurra. Oso txikia bada, gure hanken gainean.
1) Atzera-aurrera: Bi eskuak zabalik, haurraren bizkarreko gainaldean jarriko ditugu, sorbaldetan. Esku biak hasiko dira mugitzen bat aurrera bestea atzera (plastilinazko txurro bat egingo bagenu bezala), sorbaldatik ipurdira, ipurditik sorbaldara eta berriro ipurdira.
2) Zapaldu: esku bat ipurdian jarriko dugu, bestea sorbaldatik ipurdira, eskua zabalik bizkarra zapalduko du txirrista eginez.
3) Zapaldu lepotik orkatiletara: gauza bera, baina sorbaldatik orkatiletara.
4) Sorbaldak. Borobilak: lepoan eta sorbaldan masajea egin.
5) Bizkarrezurraren inguruan hodeiak margotu: sorbaldatik hasita, bizkarrezurrean inguruan hodei handi eta luze bat margotu.
6) Ipurmasailak: ipurmasailak masajeatu.
7) Eskua zabalik, goitik behera bizkarra orraztu: bizkarrari agur esateko, goitik hasita bizkarra orraztu. Lehenengo presio gehiago egin eta pixkanaka gutxiago egin, laztantxo bat egin arte.
3.6 Luzaketak.
Masaje saioa bukatu baino lehen, ondo dago gorputza pixka bat luzatzea. Ariketa hauek dibertigarriak izaten dira umeentzako. 4-5 aldiz errepikatu ariketa bakoitza.
1) Besoak gurutzatu: haurraren besoak eskumuturretatik eutsi eta bi besoak gurutzatu, bularraren gainetik. Lehenengo alde batetik, gero zabaldu eta berriro gurutzatu beste aldetik.
2) Besoa eta hanka gurutzatu: eskuarekin besoa eutsi eta beste eskuarekin kontrako hanka. Biak gurutzatu eta luzatu. Beste besoa eta hankarekin gauza berdina egin.
3) Hanka biak gurutzatu: orkatilatik eutsi eta hanka biak gurutzatu, alde batetik eta bestetik.
4) Belaunak tolestu eta sabelera hurbildu: bi belaunak sabela aldera bultzatu.
5) Belaunak tolestu eta sabelera hurbildu bizikleta eginez: gauza bera baina belaunak banan-banan mugitu.